Espainiako Fokolareen Mugimenduaren orrialde ofiziala
Imprimir Enviar a un amigo
Fecha:
.
Palabra
Testimonio

Editorial Ciudad nueva
Irten berriak















http://www.ciudadnueva.com/new/catalogo/otras04.asp?id=19711

Hitza 2006ko iraila
2006ko iraila


“Esaneko izanez” eta “fruitu emanez” entzun


«Bete ezazue Hitza, eta ez entzun bakarrik...» (St 1,22).

        Ebanjelioko Hitza bizia ematen duen Hitza da, baina aldi berean bizitua izatea eskatzen du.

        Jainkoak berak hitz egiten badigu, nola ez hartu bihotzean haren Hitza? Bibliak 1153 aldiz egiten du Hitza entzuteko gomendioa. Hau da Aitak ikasleei egin zien gomendioa, bere Semea, bere Hitza, gure artean bizitzera etorri zenean: «Entzun iezaiozue»(1).

        Baina Bibliak aipatzen duen entzutea, entzumenez baino gehiago, bihotzez egiten da: Hitz hori oso-osorik geure eginez, obedituz, Jainkoak dioenari geure burua lotuz, haur baten konfiantzaz, bere burua amaren besoetan uzten eta haren eskutik joaten denean.

        Hori da Santiago apostoluak bere gutunean esaten diguna:

«Bete ezazue Hitza, eta ez entzun bakarrik...»

        Hitz hauetan, Jesusek irakatsitako haren oihartzuna entzuten da, hau da: zorionekoa dela, Jainkoaren Hitza entzun eta gero, hitz hori betetzen duena(2), eta bere ama eta senide direla hitz hori entzun eta praktikan jartzen dutenak(3).

        Santiagok, Jesusek erabilitako irudia berriro hartuz, Hitza gure bihotzean kokaturiko hazi batekin konparatzen du. “Esaneko izanez” entzun behar da Hitza; ez da aski hura entzutea eta onartzea. Hazia fruitu emateko den bezala, Jainkoaren Hitzak ere bizi izatera iritsi behar du.

        Bi semeen parabolan ere azaldu zuen Jesusek hau. «Bai» erantzun zion lehenak aitari, honek sorora lanera joateko eskatu zionean, baina ez zen joan. «Ez daukat gogorik» erantzun zion besteak, baina aitak esana egin zuen, Jainkoaren Hitza entzuteak zer esan nahi duen praktikaren bidez agertuz(4).

        Hitza praktikan jartzen duenak entzuten duela Hitza ondo— dio Jesusek “mendiko hitzaldiaren” buruan—, eta hori egiten duenak oinarri ona ematen diola bere bizitzari, harkaitzak bere gainean eraikitako etxeari bezala(5).

«Bete ezazue Hitza, eta ez entzun bakarrik...»

        Jesusek hitz bakoitzean adierazten du bere guganako maitasun guztia. Gauzatu dezagun, bada, hitz hori, gure egin; probatu nola eragiten dion bizitzari, guregan eta gure inguruan bizi dugunean. Maitemin gaitezen Ebanjelioaz, ebanjelio bihur gaitezen arteraino eta gainezka eginez besteei emateraino. Hau da Jesus berriro maitatzeko gure modu berria.

        Orduan ez gara gu izango bizi garenak, Kristo izango da gugan sortuko dena.

        Askatzen goazela sentituko dugu geu izatetik, mugatu izatetik, esklabu izatetik. Eta honez gain Jesusek, guregan libre bizirik, gure ingurunean eragingo duen maitasun-iraultza ikusiko dugu airean zabaltzen.

«Bete ezazue Hitza, eta ez entzun bakarrik...»

        Hau izan zen gure esperientzia gure mugimenduaren hasieran, Bigarren Mundu-Gerra bitartean, hain zuzen maizko bonbardaketak zirela-eta, Trenton lurpeko babes-lekuetara Ebanjelioen liburu txikia  besterik gabe joaten ginenean.

        Eta han liburu hori ireki eta irakurtzen genuenean —Jainkoaren grazia berezi batengatik uste dut— bertako Hitzek, askotan entzutearen poderioz, argi guztiz berri baten distira egiten zuten. Bizi bihur zitezkeen bizi-Hitz ziren. «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala»(6), eta ilunpean eta gerraren tragediaren erdian ere, honela maitatutako pertsonek irribarrea, lasaitasuna eta bizi-zentzua berraurkitzen zuten. «Eman, eta emango zaizue»(7), eta Probidentzia erruz etortzen zitzaigun gainera, eskuzabaltasun keinu bat, agian, egiten genuen orduko; hiriko premiadunei esku betez partitzen genizkien ondasunak, alegia.

        Gure inguruan 500 laguneko elkarte bizi bat ikusi genuen sortzen, hilabete batzuen buruan.

        Hitzarekin elkartasunean jartzearen fruitu zen dena, eta hau etengabe gertatzen zen, minutuz minutuko dinamika zen. Hitzak mozkortuta geunden, Hitzak “bizi gintuen”, nolabait esateko. Aski genuen “Bizi duzu Hitza?” “Hitz bizi zara?” esatea, berehala hura bizitzera lasterka abiatzeko.

        Denbora haietara itzuli behar dugu. Ebanjelioa oraingoa da beti. Gure esku dago hura sinestea eta beraren esperientzia egitea.


                                                   Chiara Lubich

1) Mt 17,5.
2) Ik Lk 11,28.
3) Ik Lk 8,20-21.
4) Ik Mt 21, 28-30.
5) Mt 7,24.
6) Mt 22,39.
7) Lk 6,38.
 
 
 
powered by iwith.org