|
| Jarduera-esparruak |
Erlijiosoak |
Fokolarrei atxikitzen zaizkien erlijiosoak ez dira bakarrik pastoral eta antolakuntza gaietaz hitz egiteko elkartzen, baizik eta, batez ere, bakoitzak egiten duen Jainkoaren esperientzia partekatzeko. Askotan lotsagatik eta zeresanak eragozteagatik kosta egiten zaie erlijiosoaren bizitzaren funtsezkoena konpartitzea, bihotz eta arima bakar bat Jainkoagan izatea. Batasunaren espiritualtasun honekin harremanetan dauden erlijiosoek beraien karismarekin nahastu ordez, bere fundatzailearen karismarekin armonia osoan bizi dira, gaur egungo Elizan beraien karisma eguneratzeko eta bizitzeko konpromisoa handiagotuz, bakoitzak bere elkartearekin batasun oso-osoan biziz, elkar aberastuz eta kristau komunioaren bokazio sakonena berraurkituz. Hauxe da bokazio hori, hain zuzen: elkartea “teologi gune” bihurtzea, Jainkoarekin topo egiteko gunea; Joan Paulo II.aren hitzetan: “piztu den Jaunaren presentzia mistikoa sentitu daitekeen teologi gunea” (Vita Consacrata 42 zenb.), ebanjelioko agintza nola betetzen den kontenplatuz: “Bi edo gehiago nire izenean biltzen direnean…” (Mt 18, 20). Beraz, helburua ez da bakoitzaren karisma beste batekin nahastea, baizik eta bakoitzarena besteenarekin elkartuta bizitzea elkarrekin beste errealitate bat eraikitzeko.
Beraien artean “Tokiko idazkaritzen” bitartez koordinatzen dira biziera horren jarraipena ziurtatzeko eta beste era batzuetan espiritu honi atxikitzen zaizkien beste erlijiosoekin harremanetan egoteko, baita horrela bizitzera deituak diren beste herrialdeetako erlijiosoekin ere. Gainera Fokolareen partaide diren beste pertsonekin batera lurralde jakin bateko Mugimenduko bizitzan eta ekintzetan parte hartzen dute. Leku bakoitzean kongregazio desberdinetako erlijiosoak aldizka biltzen dira, “gune” izeneko taldeak osatuz, beraien artean Berpiztuaren presentzia bizirik mantentzeko.
“Unidad y Carismas”, zortzi hizkuntzatan (italiera, portugesa, ingelera, frantsesa, alemaniera, esloveniera, koreera eta espainiera) argitaratzen den hiruhilabetekaria, Espainian ere argitaratzen da, eta bereziki fraide eta lekaimeei zuzendurik dago (baina ez bakarrik). Gaurdaino 40 ale argitaratu dira. Aldizkari honen bidez karismen arteko hartu-emana eta elkartasuna bultzatu nahi da, dohainen elkartrukea guztientzat aberasgarri izan dadin. Teologi eta espiritualtasun-mailan sakontzeko artikuluez gain, garai guztietako santuen testigantzak, gaur egungo fraide eta lekaimeen bizi-esperientziak eta eliz mailako elkarrizketa ezberdinen geroaldiari begira antzemandako ikuspuntuak eskaintzen dira (elkarrizketa ekumenikoa, erlijioartekoa edo sinismen zehatzik ez dutenekikoa).
Bestaldetik ere, espiritu honen gauzatzea erlijiosoen bizitzan eta zeregin apostolikoetan (gazteen pastoraltza, hezkuntza, gogo-jardunak, ekonomia, osasun-pastoraltza, teologia, espiritualtasuna, gizarte-konpromisoa) sustatzen da. Kongresu desberdinetan, elkartasunezko espiritualtasuna bizitzeak lan-eremu anitzetan ematen dituen fruituen berri eman ohi da, orobat, fruitu horiek printzipio doktrinal eta operatiboetara nola itzuli erakutsiz.
Erlijiosoek Fokolareekin duten harremanak argi eta garbi erakusten du Espiritu Santua, egunez egun, batasuna bultzatzen ari dela. Ikusten den bezala, Espirituak, Eliza eta batasunaren espiritualtasunaren bitartez, premiaz gonbidatzen gaitu bokazio, ministerio eta karismen arteko elkartasun sakon eta zehatzagora jotzera. Bizitzen eta gauzatzen saiatzen garen batasunaren espiritua batasun hori lortzeko oso bide zuzena da eta horrela nabaritu dugu 60 urte baino gehiagotan karismaren iturriarekin izan dugun harreman zuzenetan. |
| |
|