|
| Jarduketa-eremua |
Komuniozko Ekonomia |

“Elkartasunezko Ekonomiaren proiektua” Chiara Lubich-ek 1991ean Brasilera egin zuen bidaian sortu zen pobreziaren zorigaitzari erantzun bat emateko. Bidaia horretan biziki hunkitu zen Chiara Brasilgo metropolietan pobrezia eta aberastasunaren arteko kontrastea ikustean. Han konturatu zen gaur egun ez direla nahikoak ohiko benefizentzia eta pobreei laguntzeko erak. Beharrezkoa zen, beraz, aberastasuna sortzeko eta banatzeko era berria eta horrela azaldu zuen Chiarak Piacenza-ko Unibertsitateak (Italia) 1999an Ekonomiako honoris causa doktoretza eman zionean.
“Elkartasunezko Ekonomiak doakotasunean, solidaritatean eta azkenekoenganako laguntzan inspiratuta dauden jokabideak -normalean dohaineko erakundeek egiten dituztenak- berez etekina bilatzea helburu duten enpresei proposatzen dizkie. Elkartasunezko Ekonomia ez da beste enpresa-era berri bat edo beste aukerabide bat; aitzitik, enpresaren egitura normalak barru-barrutik eraldatu nahi ditu (sozietate anonimoa izan, zein kooperatiba izan edo beste edozein motatako enpresa izan), enpresako harreman guztiak, barrukoak eta kanpokoak, elkartasunezko biziera baten argitan bideratuz eta beti enpresaren eta merkatuaren benetako baloreak oso-osorik errespetatuz (Elizaren gizarte-doktrinan eta batez ere Joan Paulo II.aren Centesimus annus entziklikan azpimarratzen diren baloreak)”.
Mundu guztian 700 enpresa baino gehiago atxiki zaizkio eredu berri honi eta bere berritasuna honetan datza: enpresaren onurak hiru zati berdinetan banatzen dira honako ekintzetarako:
- Pertsona babesgabeenak laguntzeko, behar oinarrizkoenak asetuz: elikadura, etxe-bizitza, osasuna, hezkuntza. Bitartean lanbide duina bilatzen laguntzen zaie, enpresa hauetako batean lana emanaz ere.
- “Ematearen kultura”-ra irekita dauden “gizaki berriak” hezitzeko. Pertsona horiek gabe ezin da Elkartasunezko ekonomia egia bihurtu.
- Enpresaren hazkundean inbertitzeko.
Espainian ere badaude eremu ezberdinetan lan egiten duten Elkartasunezko Ekonomiako enpresak: Eraikuntza, Marketin eta komunikazioa, Plastikozko gaien produkzioa, Aholkularitza (teknikoa, psikologikoa, pertsonala eta prestakuntzazkoa, medikuntza, kalitatezkoa), Asistentzia-zerbitzuak, Elikadura-banaketa, Landare-osasunerako produktuen salerosketa, Ostalaritza, Birziklapena, Higiezinen agentziak, Instalazio elektriko eta soinu instalazioak, Hornitegiak, Opariak, Festa, emaztegai, moda eta lanerako jantzigintza eta merkaturatzea, e.a.
Garrantzi berezia eduki du Espainian Elkartasunezko Ekonomiaren aldeko Elkartearen fundazioak, eta enpresa, enpresaburu eta unibertsitateko ikastunen artean berrogei kide ditu dagoeneko. Dudarik gabe, Elkarte honek garrantzizko lana egiten du hedatze lanetan sartuta dauden pertsonen ahaleginak bateratzen eta pertsona bera aintzakotzat eta ekonomia-jardueraren erdigunetzat hartzen duen egitasmo hau zabaltzen. |
| |
|